sábado, 6 de noviembre de 2010

2.GALDERA: NOLAKOA IZAN BEHAR DU IRAKASLE BATEK GURASOEN IKUSPUNTUTIK GARAPEN PERTSONALA OINARRITZAT HARTURIK?

Irakasle izateko, nola ez, lehendabizi ibilbide akademiko bat egiten da, eta behin lanean egonda profesionalari ekiten zaio, bertan zenbait funtzio eta eginkizun betetzen direlarik. Irakasleak, gainontzeko pertsonak bezalaxe, beste garapen bat ere ematen du bere bizitzan zehar, garapen pertsonala. Beraz, garapen hau edozein lanbide duen pertsonan ere ikus daiteke, baina gure helburua irakasle eta aldi berean hezitzaile den pertsona horren garapena aztertzea eta ezagutzea da gurasoen ikuspuntutik.

Garapen honek, zenbait termino edo kontzeptu hartzen ditu bere gain, horien artean autokontzeptua, autoestima, sentipen eta emozioak, adimen anitzak, gaitasunak, etab. daude. Baina denek al dakigu zer esan nahi duten hauetako bakoitzak? Hauek ditugu definizioak:

-Autokontzeptua: pertsona bakoitzak bere maila fisiko, psikologiko, intelektual, sozial eta afektiboarekiko duen ikuspuntua da.

-Autoestima: bakoitzak bere buruarekiko duen pertzepzio emozionala da, bere burua maite duen ala ez, gustuko duen edo ez,  bere buruarekiko konfiantza izatea edo ez, etab.

-Adimen anitzak: adimen emozionala, logiko-matematikoa, interpetsonala, intrapertsonala, etab.

         -Adimen emozionala: gure sentimenduak eta besteenak identifikatzeko trebezia, motibatzeko eta harremanak bideratzeko gaitasuna da.

         -Adimen logiko-matematikoa: zenbakiak erabiltzen jakiteko gaitasuna izatea da arrazoiketak modu logikoan egin ahal izateko.

         -Adimen interpertsonala: besteak ulertzea eta beraiekin komunikatzeko erraztasuna izatea esan nahi du, aldi berean harreman ona izanik.

         -Adimen intrapertsonala: norberak bere burua ondo ezagutzeko gaitasuna da, bakoitzaren mugak ezagutuz, jokaera eta jarrera egokiak izateko.

Behin kontzeptu hauek ezagututa, zenbait galdera etor dakioke burura edozeini, batez ere haur eta gazteen gurasoei, azken finean beren seme-alaben heziketa ere irakasleen esku baitago, eta hauentzako hobena besterik nahi ez dutelako. Baina ziurtasunez kezka hauek ezagutzeko, beraiengana jo dugu, galdetegi anomino bat eginez,hona hemen galdetegia:

GALDETEGIA

Inkesta honetan, zenbait esaldi aurkeztuko zaizkizue ondoren 1-5 balorazioen artean kokatuz (1 zenbakiak erabateko desadostasuna eta 5 zenbakiak erabateko adostasuna adierazten dute).

1.Zure ustez lehen hezkuntzako matematika irakasle ona izateko, askoz garrantzitsuagoa da matematika inor baino gehiago jakitea, materia maila batean ezagutu eta klaseak modu dinamikoan ematea baino.

 1 ------------- 2--------------3-----------------4--------------------5

2.Klasean umeak oso astuntxo jartzen direnean irakasleak bere haserre guztia erakutsi behar du.

 1 ------------- 2--------------3-----------------4--------------------5

3.Haur bat negarrez badago, irakasleak ezer gertatu ez balitz bezala jokatu behar du.

     1 ------------- 2--------------3-----------------4--------------------5

4.Arazoen aurrean gurasoekin harremanetan jarri behar du.

     1 ------------- 2--------------3-----------------4--------------------5

5.Irakasle batek laneko lehen egunean beldurra eta urduritasuna adierazi behar ditu.

     1 ------------- 2--------------3-----------------4--------------------5

6.Irakasle batek modu logikoan arrazoitzen jakin behar du.

     1 ------------- 2--------------3-----------------4--------------------5


 Bertako erantzunak kontutan izanda honako ondorioetara irits gaitezke:

Gurasoen ustetan irakasle batek jakintza eta ezagutza izatea garrantzitsua da, baina “nahiago” dute klaseak modu dinamikoan ematen jakitea edo gaitasun hori izatea, aldi berean sentipen positiboak dituztelarik (alaitasuna, humore ona…), ikasgai hori inor baina gehiago ezagutzea baino. Lehenengo galderako portzentaiak argi adierazten dute ondorio hau, 1 zenbakia galdetegian parte hartu duten %30ak erantzun duelako eta gainontzeko %70ak 2 zenbakia. Hala ere, beraiekin hizketan aritu ostean, argi utzi dute ezagutza izatea ezinbestekoa dela, beti ere, maila horretan eskatzen dena baina pixka bat gehiago jakinez, nahiz eta ez den beharrezkoa ikasgai horretan oso oso aditua izatea.

Bigarren galderari dagokionez, gure helburua, irakasleak ea bere sentipen guztiak kaleratu behar dituen jakitea da aldi berean bere mugak zeintzuk diren ezagutuz, eta erantzunak oso desberdinak izan dira. Erabateko desadostasuna %20ak adierazi du, baina aldi berean emaitza bera lortu dugu erabateko adostasuna erantzun dutenekin. %40ak 2 zenbakia aukeratu du eta gelditzen den %20a 3 eta 4 zenbakiak aukeratu dituztenekin amaitzen da. Beraz, hau guztia ikusita, pentsa daiteke, garrantzitsua dela haurrek jakitea beraien irakaslea nola sentitzen den, baina askotan sentipen guztiak azaleratu gabe, gerta litekeelako haurrek pentsatzea irakaslea humore txarreko pertsona besterik ez dela. Noski, beti ez da horrela izango, haur batzuek badutelako gaitasuna gaizki noiz egin duten jakiteko, eta irakaslearen haserrea zergatik izan den jakiteko.

Adimen emozionalari buruz galdetu dugunean, hau da, besteen sentipenak identifikatzeko trebeziari buruz, emaitzek argi eta garbi utzi dute irakasleak gaitasun hori oso garatuta izan behar duela, eta haur bat negarrez badago berarengana jo behar duela zer gertatzen zaion jakiteko eta ahal duen neurrian laguntzeko.

Adimen interpertsonalei buruz galdetzeko garaian, gurasoekin harremanetan eta hauekin komunikatzeko gaitasuna kontutan hartu dugu, eta horretarako laugarren galdera planteatu. Orokorrean, guraso gehienek 4 eta 5 zenbakiak hautatu dituzte nahiz eta %10ak 3a aukeratu duen. Beraz, argi ikus daiteke gurasoek uste dutela edozein arazo badago beraiekin kontaktuan jartzea ezinbestekoa dela, eta kontaktu horrek ahalik eta egokiena izan behar duela, harreman kordial eta on bat egon dadin.

Bosgarren galdera autoestimarekin lotu dugu, eta gurasoen ustetan, beti ere, hauen erantzunetan oinarrituta, irakasle batek autoestima altua izan behar duela adierazi dute, bere buruarekiko konfiantza izanik, eta urduritasuna eta beldurra bezalako sentipen horiek nolabait ezkutatuz, garrantzitsua delako klaseak ziurtasunez hastea, horrela haurrek ere bere burua seguruago ikusten ikasiko dutela, eta autoestima altuagoa izaten.

Arrazoiketak ere egiten jakitea ezinbesteko gaitasuntzat hartu dute gurasoek, azken finean beraiek modu egoki eta logiko batean egiten badute, haurrek ere horrela egiten ikasiko dutelako.

Beraz, guzti hau kontutan izanda, ondorio nagusi eta garrantzitsu bat atera genezake, gurasoentzat garapen pertsonal egoki bat izatea eta gaitasun hauek guztiak garatuta izatea ezinbesteko dela haur eta gazteek ere izan dezaten, azken finean, haurrek ikusten eta transmititzen zaiena ikasten eta egiten dutelako, eta irakasleek erreferente gisa jokatzen dutenez haurrekin, gurasoek ahalik eta irakasle perfektuenak nahi dituzte, beren seme-alabentzako hobena besterik nahi ez dutelako.

Garapen pertsonalaren barruan kokatzen diren terminoei buruzko informazio gehiago nahi baduzu, hona hemen zenbait web orri hauetara jo ahal izateko:



Laskorain Ikastolak adimen emozionala landu du:




1 comentario: